Laudiok dagoeneko parte hartu dezake Lamuza parkea kultura sortzaileen gune bihurtuko duen Kultur Beharren Erroldaren idazketan

Zumalakarregi etorbidean, Lamuza parkearen parean, dagoen kristalezko bulego batek Laudioko kultura elkarte eta pertsonen egungo eta etorkizuneko beharrak bilduko ditu datozen asteetan

Astelehenetik aurrera, ekainak 17, laudioarrek Kultura Beharren Erroldaren idazketan parte hartu ahal izango dute etorkizunean Lamuza parkea kultura sortzaile, topaketa, prestakuntza, sorkuntza eta erakusketa gune bihurtzeko prozesu partehartzaileari hasiera emanez. Dinamika, Kulturlabek bultzatuta Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Zumalakarregi etorbidean, Lamuza parkearen parean, dagoen kristalezko bulegoan zentralizatuko da.

Parte-hartze prozesuaren hasierako fase honetan, Lamuzako Parke osoa birdefinitu nahi duen iritzi oro jasotzea izango da helburua, eta banakako elkarrizketak egingo zaizkie kultura eragileei, kolektiboei, norbanakoei eta baita artistei ere, ekainaren 17, 18, 19, 26, 27 eta 28an.

Errolda sakon eta zorrotz honek mota guztietako kultur beharrak eta diziplinak bilduko ditu, eta laudioar biztanle guztien beharrak kontutan hartuko ditu. “Dinamika honekin modu zehatz eta sakonean ezagutu nahi ditugu gure herrian kultur sorkuntzari ekarpenak egiten dizkioten pertsona eta kolektibo guztien beharrak, etorkizuneko Lamuzako Kultura Sorkuntzaren Parkea nolakoa izango den definitzeko. Zeregin horretan gure auzokideen parte-hartzea ezinbestekoa da“, azaldu du Nerea González Kultura zinegotziak.

Ekarpenak egitera edo informazioa eskatzera hurbildu nahi dutenek 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egin ahal izango dute. Bulegoa itxita egotekotan, harremanetan jartzeko aukera egongo da kulturabeharrak@laudio.eus helbide elektronikoaren bidez idatziz, 665 707 773 telefonora deituz edo kulturabeharrak.laudio.eus webgunearen bidez.

Lamuza parkea kultura sortzaileen gune bihurtzen hasteko, beste herri batzuetako kultur sektoreko esperientziak ere aurkeztuko dira Kasinoan, hilaren 27an, 18:00etan. Parte hartzeko lehen saioa uztailaren 3an izango da, Kasinoan (17:00etan).

Auzo-jatorriko ekimena

Laudiok dituen oinarrizko kultura guneak eraiki eta birgaitu nahi dituen plan integral hau Arabako Foru Aldundiaren Aurrekontu Parte-hartzaileetan 1.500 laudioar baino gehiagoren sinadurekin bermatu zen 2022an. Gainera, tokiko elkarte eta erakunde askoren babesa du, baita Udalbatzarena ere.